Erabiltzailea: Pasahitza:
Bizikasi

Lanbide Heziketako
Bitartekotza Zerbitzua
Albisteak

Mintzapraktika Mintzapraktika taldean izen emateko aukera

Astelehena, 2016eko Otsailaren 01a

41 mintzapraktika edo mintzalagun talde daude abian Debagoienean 2015eko udazkenaz geroztik. Urrian aurkeztu zuten 2015-2016 ikasturteko kanpaina, eta emaitza da 175 lagun baino gehiago dabilela euskararen erabilera ardatz hartuta norberak duten hizkuntza maila hobetzen edo, beste barik, euskara erabiltzen, berez euren inguruan euskaraz berba egiteko bestelako aukerarik ez dutelako. 

Xehetasunetan sartuta, Bergarak du talde kopururik handiena: hamabost –65 lagun–; Arrasate dator ondoren, hamahiru talderekin; Aretxabaletan sei talde daude; Eskoriatzan, berriz, lau; eta Elgetan, hiru. Elgetako kasuan, gainera, aurten sortu da mintzapraktikarako aukera, Elgetanberbetan izenarekin. Eta Bergarako esperientzia da, berriz, antzinakoena, 2016an hamar urte bete dituelako, "eta badaude hasiera-hasieratik dauden taldeak", zehaztu du Maitane Arizabaletak, Jardun Euskara Elkarteko teknikariak.

Errotutako ekimena

Zentzu horretan, bada, Debagoienean errotuta dagoen ekimena da mintzapraktika taldeena; Arrasatekoa antzinakoena den arren, beste talde askok badute bost urteko ibilbidea eginda eta Bergarakoak, esaterako hamar urtekoa ere bai.

Eta urteetako ibilbide horrek erakutsitakoaren arabera, ekimenaren bultzatzaileek modu positiboan baloratzen dute eskaintza mota hau: "Oso positiboa da balorazioa. Bidelariek – euskara praktikatu gura dutenak – ikasi eta jarraitu egiten dute, eta ikusten da euskara maila hobetzen doala", dio Aitor Juaristik, Arrasateko Zaharberriko teknikariak.

"Garrantzitsua da, euskaraz bizi nahi eta bidea egiten dutenei horretarako aukera eskaintzeko modua da eta. Eremu erosoa baliatuta, kalera edo plazara salto egiteko aukera ematen delako", gaineratu du Irati Urkiak, Aretxabaletako Loramendi Euskara Elkarteko teknikariak; "Elgetan lehen urtea da, baina herrian oso harrera ona izan du; eta 18 lagun daudela esateak gutxi dirudien arren, konparaketa eginda, ondorioa da oso talde indartsua dela”, gehitu du Kepa de Vegak, Elgetanberbetan ekimeneko ordezkariak.

Bergaran, berriz, "jendea oso gustura" dagoela eta "euskara gehiago erabiltzen" dutela azpimarratu ondoren, aitortzen dute, baita ere, mintzapraktiketan dihardutenek ez dutela ematen euskara elkartekoek nahiko luketen "saltoa". "Ikusten da taldeetan euskaraz egiten dela, baina askotan hor geratzen da; izan ere, normalean, egunerokotasunean erabiltzera ez dira heltzen, lotsagatik edo dena delakoarengatik", esan du Jarduneko ordezkariak.

Astean behin gutxienez

Mintzalagunetako berba taldeak lau-bost lagunek osatzen dituzte. Eta baldintza bakarra dago: astean ordubetez elkartu eta euskara praktikatu. Hori egiten dute paseatzen dabiltzala, kafea hartu bitartean –gehienak–, kirola egiterakoan, pintxo-potearen bueltan… Eta taldeok ordutegi aldetik malguak dira: badira talde batzuk goizez elkartzen direnak, eguerdian beste batzuk, arratsaldeko lehen orduan, iluntzean… Taldeko kideen beharren arabera antolatzen dira, alegia.

Bestalde, asteroko hitzorduaz gainera, bestelakoekin ere osatzen dute ekimena: kasu gehienetan mendi irteerak izaten dira, edo kulturarekin lotutakoak.

Helduak, gazteak…

Aurtengo ikasturteko parte-hartzaileen profilari dagokionez, berriz, denetarik dago, ohikoa den moduan. Adibide batzuk jartzearren, 40-60 urte bitartekoak dira gehien Aretxabaletan; 25-75 bitartekoak, berriz, Eskoriatzan eta Elgetako herritarren batez bestekoa 30-40 da.

Eta sexuen arabera ere, denetarik dago; gizonezkoak zein emakumezkoak, kopuru aldetik ere antzera bi kasuetan.

Izena emateko aukera

Edozein modutan, eta mintzapraktika taldeak sortuta eta abian dauden arren, haiek gogora ekarri gura dute urte osoan dagoela taldeetan izena emateko aukera, bai bidelari moduan eta baita bidelagun modura ere –laguntzaileak, euskaldun osoak–.

"Mintzalagun egitasmoetan parte hartzen duten euskaldunek asko laguntzen diete praktikatzeko beharra dutenei, baita beren buruari ere: ahalegin txiki horrekin, gero eta euskaldun gehiago gara", azpimarratu dute Bergarako elkartetik. "Aretxabaletan, adibidez, bigarren deialdia egin behar dugu orain; izan ere, nahiz eta urte osoan zabalik izan aukera hori, noizean behin gogora ekartzen ez bada, jendea ez da akordatzen”, esan du Loramendi Euskara Elkarteko ordezkariak.

Bilatzailea

Kategoriak

Harremana

Miren -943769394- Bizikasi
Nuria -943797900- IEFPS Aretxabaleta Lanbide Eskola

Gurekin harremanetan jarri nahi al duzu ? Beherako botoia klikatu besterik ez duzu egin behar.

Kontaktua
Design by Shareweb